Mendekoen arretarako euskal sistema publiko baten alde. Zaintzeko betebeharretik zainketak jasotzeko eskubidera

Páginas67-104

Page 67

Sarrera

Euskal mugimendu feminista eta mugimendu sindikaleko zati handi bat kanpaina bat burutzen ari gara Euskal Autonomia Erkidegoan, mendekotasun egoeran dauden pertsonen arretarako sistema publikoa eta unibertsala izateko eskubidetik eta erakundeen eremutik kanpoko zainketei buruz (batez ere emaku- meek egindakoak).

Kanpaina hau 2005eko maiatzean hasi genuen, baina «klasiko bat» da XX. mendearen amaierako eta XXI. mendearen hasierako mugimendu feministarentzat, izan ere zainketa lana aintzat hartzea eta banatzea beti izan da feminismoaren aldarrikapenetariko bat.

Klasikoa, orobat, Euskadiko Asanblada Feministen Koordinakundeak 1993ko martxoaren 8ko goiburutzat proposatu zuelako orduan Nahitaezko Familia Zerbitzu deitu zutenaren kontrako Intsumisioa eta zainketa lanak gizonen eta emakumeen artean banatzea (ikus BEA, 1994).

Lehenik eta behin adierazi nahi dugu une hauetan, gure iritzian, guztiz beharrezkoa dela gogoeta eta jarrera bateratua izatea hain korapilatsua den gai honetan, izan ere, ez baita beti erraza feminista eta ezkerreko jende gisa agertzea gai honen inguruan.

Testu hau azkeneko hilabete hauetan burututako irakurketa eta eztabaiden ondorioa da eta gure jarrera politikoa jasotzen du mendekoen arreta eta zainketaren inguruan1. Page 68

Haien adinagatik, istripu bategatik edo gaixotasun batengatik autonomia murriztua izanda moldatzeko laguntza behar duten pertsonez ari gara; biztanleriaren sektore hauek gero eta handiagoak eta heterogeneoagoak dira. Autonomia gabezia hori jokabide eredu kultural edo pertsonalengatik (jarrera matxista edo arduragabeengatik) jasaten duten pertsonen arreta eta zainketa gogoeta honetatik kanpo utzi dugu.

I Datu batzuk asistentzia-arlotik kanpoko zainketei buruz

Jorratzen ari garen gaiaren garrantziaz jabetzeko oso adierazgarria da gizarte eta osasun arlotik kanpo egiten diren zainketen kopurua. Ikus ditzagun datu batzuk eta zenbait inkesta eta erregistroren emaitzak.

María Ángeles Durán aitzindaria da honelako azterlanetan eta Los costes invisibles de la enfermedad (1999) haren liburuan adierazten duenez, kalkuluen arabera espainiar estatuan gaixoak zaintzen guztira 5.000 milioi ordu ematen dira, bada, hauetatik %12 baino ez dute betetzen osasun langile profesionalek, eta gainerakoa familiek eta lagunek betetzen dute. Zainketa hauek 8 orduko 276 lan egun lirateke, beraz, ordaindu gabeko osasun arreta hauen kostua 34.531 milioi euro litzateke urtean2.

Beste alde batetik, gizonek baino (192) emakumeek askoz ordu gehiago ematen dute urtean (307 ordu) ordaindu gabeko osasun arreta hauetarako. Batzuek eta besteek honelako zainketetan emandako denbora zenbatuz gero, gizonek %73 bere burua zaintzen ematen dute, eta emakumeen denboraren %75 berriz besteentzat da.

Bestalde, 1999. eta 2001. urteetan bi azterlan garrantzitsu argitaratu ziren: bata IMSERSOk (Migrazio eta Gizarte Zerbitzuetako Institutua) argitaratu eta Gregorio Rodríguez Cabrerok koordinatu zuen La protección social a la dependencia liburua izan zen, eta bestea berriz Estatistika Institutu Nazionalak (EIN) eta IMSERSOk ONCE Fundazioaren laguntzarekin minusbaliotasunei, urritasunei eta osasun egoerari buruz egindako inkesta batean oinarritutakoa izan zen. Page 69

Azken honetatik ondorioztatzen da, adibidez, «mendekotasun larria edo osoa pairatzen duten 3 lagunetik 2k ez dutela arreta zerbitzurik jasotzen» (Maravall, 2003:151). Familien eginkizunari dagokionez, mendeko horien %77 senitartekoren batek zaintzen ditu, eta senitarteko hauen %74 emakumeak dira, eta oso urrun geratzen dira etxeko enplegatuak, gizarte zerbitzuak, lagunak eta auzokoak (azken hauen artean ere gehientsuak emakumeak izango dira segur aski) (ibidem:153-154).

Espainiako Geriatria eta Gerontologiako Elkarteak bere web orrian (www.segg.es)3 argitaratutako datuetatik zaintzaileen ezaugarri batzuk atera ditugu. Aurrekoetan bezala, honetan ere ondorioztatzen da senitartekoren bat zaintzen ari diren 10 lagunetik 8 emakumeak direla, 45 eta 65 urte bitartekoak4.

Zaintzailearen profila honakoa dugu:

- Gehienak emakumeak dira (%83).

- Emakume zaintzaile hauen artean %43 alabak dira, %22 emazteak, eta %7,5 errainak.

- Zaintzaileek batez beste 52 urte dute (%20k 65 urtetik gora dute). - Gehienak ezkonduta daude (%77).

- Zaintzaile asko (%60) etxebizitza berean bizi dira zaindutakoarekin.

- Gehienetan (%80) zaintzaileek ez dute lan ordaindurik.

- Zaintzaile gehienek (%85) egunero laguntzen diote senitarteko adindun bati.

- Haietariko askok (%60) ez dute inoren laguntzarik.

- Emakume zaintzaileei baino senar zaintzaileei gehiago laguntzen diete beste senitarteko batzuek eta erakundeek.

2004. urtean argitaratu zen Libro Blanco de la Dependencia obrak lehen aipatu ditugun azterlan eta inkestetariko asko jasotzen ditu eta oso informazio zehatza eskaintzen digu estatuko egoerari buruz. Bertatik atera ditugun datu batzuek ere aldaketa txiki batzuk islatzen dituzte: Page 70

- Zaintzaile nagusien %84 emakumeak dira, eta haietarik %66k badute beste senitarteko batzuen laguntza. Familiako laguntza hauetan, semeen proportzioa %10etik %19ra igo da azkeneko 10 urteotan.

- Mendekoren bat dagoen etxebizitzen %14tan zaintzaile nagusia etxeko enplegatua da. Laguntza formalen bat duten etxebizitza guztien %51,2tan laguntza hori etxeko enplegatua da.

Beste alde batetik, gure inguru hurbilean zerbitzu batzuen errealitateak berez jartzen ditu agerian eskaintza publikoaren Gabeziak.

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Gizarte Zerbitzuetako Gastu Publikoari buruzko txostenak (2003) EAEko etxez etxeko laguntza zerbitzuari5 buruzko datuak eskaintzen ditu. (Xehetasun gehiago 1. eranskinean).

Etxeko asistentzian:

- 2003. urtean 17.639 laguni eman zitzaion arreta, eta gehienak (%90 gutxi gorabehera) 65 urtetik gorakoak ziren.

- Araban estaldura tasa 65 urtetik gorako pertsonen %9 da, Gipuzkoan eta Bizkaian berriz %4ra jaisten da proportzioa.

- 2003. urtean etxeko arretarako egindako gastua, gizarte zerbitzuetarako egindako gastu publiko osoaren %5,9 baino ez da.

Lurraldez lurralde aztertuta:

- Gipuzkoa: urtean 221 ordu dagozkio erabiltzaile bakoitzari batez beste, eta erabiltzaileek kostuaren %12,7 ordaintzen dute.

- Bizkaia: urtean 176 ordu batez beste, eta erabiltzaileek kostuaren %6,6 ordaintzen dute.

- Araba: urtean 197 ordu batez beste, eta erabiltzaileek kostuaren %12,8 ordaintzen dute. Page 71

II Gizarte zerbitzuen egoera orokorra Euskal Herrian

Gizarte zerbitzuek Euskal Herrian duten egoerari buruzko ondorio nagusiak honako hauek dira (ikus Gabiola, 2005):

- Ez dago informazio osaturik ez gaurkoturik gizarte zerbitzuen egoerari buruz, izan ere, dagoen informazioa eskaintzari buruzkoa baino ez da, izan litekeen eskariari buruzko informazio osagarririk ez dago eta; alta, guztiz beharrezkoa da datu hori bete gabe geratzen diren premien defizita zein den jakiteko.

- Eskaintzaren inguruan plaza kopuruari buruzko datu kuantitatibo soilak baino ez ohi dira eman, eta ez ohi da zehaztu estalduraren norainokoa; hau da, dauden premiei erantzuteko irizpideak zehazteko araurik ez dagoenez, premia berdina izanda, gerta liteke batzuetan estaltzea eta beste batzuetan ez, irizpide desberdinen arabera.

- Eremu pribatuan, familian, dohainik egiten diren zainketei buruzko ebaluazio-azterketarik ez da egiten inondik inora; alta, horrek beste datu bat emango liguke zerbitzu publikoek eman beharreko arretaren eskari errealari buruz, eta zehaztuko liguke noraino honelako zereginetan diharduten gehienak emakumeak diren.

- Ezin da, beraz, diagnostiko erreal, eraginkor eta eguneraturik izan egoera horri buruz.

- Gastuari gagozkiola, hornidura ez da behar adinakoa eta ez dago bermaturik gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubidea, izan ere, hauen defizita gero eta handiagoa da.

- Titulartasuna maiz aldatu ohi da zerbitzuen eskaintzan, eta aldaketa hauek erabili ohi dira langileen lan baldintzak okerragotzeko, eskubide lortuak kentzeko, eta ekimen pribatua bultzatzeko.

- Erakunde publikoek ustez elkartasuna sustatzen dutenean izatez borondatezko lana bultzatzen dute (gizarte zerbitzuetako langileen ia erdia boluntarioak dira), hau da, ordaindu gabeko eskulana bilatzen dute, langile kualifikatuen kontratazio publikoa egin beharrean.

- Erakundeak inhibitzen direnez, gizarte eremuan, edo hobeki esan, familia eremuan (emakumeenean) irauten du arretak.

III Zergatik eta nola delegatzen da zainketa familiengan

Horrelako emaitzak ikusita, kontsultatzen den azterlana kontsultatzen dela, beti ageri da mendekoak zaintzeko zeregina familiei utzi zaiela eta oraindik ere uzten zaiela gizartean. Baina familiez ari garelarik, benetan emakumeez ari gara, eta hau ez da beti gogoan izaten. Page 72

Bestela esanda, zainketa hauek emakume helduen bizkar uzten den gizarteerantzukizun guztiz generizatua eta naturalizatua dira, eta oinarritzat gizonemakumeek egindako lanaz bestelako ikuskera bat du, baita kultur bereizketa bat ere, alegia arrazoizko arloa...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR